Ikasketa kooperatiboa
Zer eskaintzen digu ikasketa kooperatiboak?
Era kooperatiboan antolatutako jarduerekin eduki guztien ikasketa indartzen da, ez soilik elkartasuna, elkarri laguntzea, desberdinekiko errespetua eta gisako balioen ingurukoak, baizik eta curriculumeko eremu guztietako eduki espezifikoagoak; eta esandako jardueretan parte hartzen duten ikasle guztien ikasketa bultzatzen da, ez bakarrik ikasketarako zailtasunak dituztenena, baita ikasteko erraztasun handiagoa dutenena ere; bestalde, ikasle guztien parte-hartze aktiboa ere sustatzen du antolatzen diren irakaskuntza- eta ikasketa-jardueretan, ikasleen protagonismoa areagotzen duelarik jarduera horien garapenean. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, «giro» hobea sortzen laguntzen du ikasle guztien ikasketarako, bakoitzaren hezkuntza-premiak ezberdinak izanda ere. Eta, bestalde, ikasleen arteko elkarreragina errazten du eta harreman estuagoa eta kalitate hobekoa ezartzen da haien artean.
Hiru motatako jarduera-egiturak bereiz daitezke hezkuntzan: indibidualista, lehiakorra eta kooperatiboa.
Jardueraren egitura indibidualistan, ikasleek banaka lan egiten dute, ikaskideekin elkarreraginean ezertarako aritu gabe, norberaren lan-erritmoa ez galtzearren, eta besteek egiten dutenari arretarik jarri gabe; elkarreragin bakarra irakaslearekin dute, hark ebazten baitizkie ariketetan sortzen diren zalantzak edo arazoak. Ikasleek irakasleak irakatsitakoa ikastea bilatzen da eta helburu hori banaka lortzen dute . Hau da, ikasle batek irakasten zaiona ikastea ez dago besteek ikasten dutenaren mende. Egitura horrek sortzen duen efektua edo «mugimendua» ikasleen «indibidualtasuna» da, ikasteko orduan.
Jardueraren egitura lehiakorrean ere, ikasleek banaka lan egiten dute, baina, kasu honetan, jartzen diote arreta ikaskideek egiten dutenari, beren artean lehiatzen baitira gelako lehena nor den ikusteko: ikasle batek ikusten badu bere «lehiakidea» hirugarren ariketa egiten ari dela eta bera oraindik lehenbizikoan dagoela, urduri jartzen da, «irabaziko dioten» beldur . Ikasleek irakasleak irakatsitakoa ikastea bilatzen da,besteek baino lehenago, besteek baino gehiago… Egitura horrek sortzen duen efektua edo «mugimendua» ikasleen «lehiakortasuna» da, ikasteko orduan.
Aldiz, jardueraren egitura kooperatiboan ikasleak lantalde txiki heterogeneoetan banatuta daude, elkar lagundu dezaten ariketak edo gainerako ikasketa-jarduera egiten ari direnean.Ikasle bakoitzak irakasleak irakatsitakoa ikastea ez ezik, bere taldeko ikaskideek ere ikas dezaten laguntzea bilatzen da, alegia, guztiek taldean lan egiten ikastea. Ikasleek helburu bikoitz hori lortzen dute baldin eta besteek ere hala egiten badute. Egitura horrek sortzen duen efektua edo «mugimendua» ikasleen «kooperatibotasuna» da, ikasteko orduan.
Horrela, bada, jardueraren egitura kooperatiboak batzuek besteekin lan egitera, elkar aintzat hartzera eta elkarri laguntzera eramaten ditu ikasleak, jarduera garatzen ari diren bitartean. Guztiz kontrakoa gertatzen da jardueraren egitura indibidualistan, han bakoitzak bereari begiratzen baitio, gainerakoak aintzat hartu gabe, eta orobat jardueraren egitura lehiakorrean, non ikasleak elkarren artean lehiatzen baitira lana amaitzen lehenak izateko edo irakasleak irakatsitakoa ondoen dakitenak izateko, beraz, ez diote elkarri laguntzen, baizik eta, kontrara, informazioa ezkutatzen diote elkarri, edo norberarentzat gordetzen dute galdera baten erantzuna edo buruketa bat ebazteko modua.
Hainbat arrazoi direla medio, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleek egokiago artatuak izateko aukera gehiago dituzte egitura kooperatiboa duen ikasgela batean, egitura indibidualista edo lehiakorreko gela batean baino, batetik, irakasleek denbora gehiago dutelako haiek artatzeko eta, bestetik, beren ikaskideen laguntza dutelako.