Agenda 30
Eskolako 2030 Agenda hezkuntza-programa da, hezkuntzaren jasangarritasuna eta kalitatea xede dituena. Komunitatearen parte-hartzean oinarrituta dago, batez ere ikasleena, udalerriaren jasangarritasunean esku hartzeko eta laguntzeko. Jasangarritasunaren arloko Hezkuntzako programa izanik, gaitasunak, ezagutzak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoak garatzea du helburu, eraldaketa ekosozialean parte hartzeko. Ardatz bi daude: a) ingurune jasangarriak; b) kalitatezko hezkuntza. Biak oinarritzen dira partaidetzaren kulturan eta helburu hauetan:
-
Inguruneko egoera ekosozialaren egoera ulertzea.
-
Erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko trebatzea.
-
Ikastetxearen eta ingurunearen kudeaketa bultzatzea, jasangarritasunaren eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin bat etorrita.
Ikastetxeek udalekin edo mankomunitateekin batera egiten dute lan, erakundeentzat Tokiko Agenda 2030etan dagoen beste prozesu bat delako. Beraz, udalek honako hauxe jartzen dute ikastetxeen esku: kanpoko aholkularitza, Udaleko Eskola Foroaren dinamizazioa eta eskola-proposamenei erantzun egokia ematea. Eusko Jaurlaritzako bi sailek (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Hezkuntza Saila) aholkularitza didaktikoa bermatzen dute Ingurugelaren bitartez, irakasle parte-hartzaileei prestakuntza zein ikasmaterialak eskainiz. Horrez gain, zuzkidura ekonomikoa ere ematen diete ikastetxeei, berrikuntza-proiektuetarako dirulaguntzen urteko deialdiaren bidez.
Urtero, Garapen Jasangarriaren Helburuak hezkuntza-komunitate osora hurbiltzeko lan egingo da, bereziki ikasleei, eta ikastetxe bakoitzean proiektu sekuentziatu bat zehaztuko da, bere mailei egokitua. Maila bakoitzean landu beharreko GJHak aldatu egin daitezke eta jasangarritasunarekin daude lotuta.